Zer da ilustrazio zientifikoa?

Ilustrazio zientifikoa zer den definitzea ez da lan erraza. Kontzeptuaren esanahiari helduz, artea eta zientzia uztartzen dituen diziplina gisa uler daiteke, ezagutza zientifikoa baliabide eta teknika grafikoen bidez komunikatzea helburu duena, hain zuzen. Baina, bestalde, diziplina horren produktua edo emaitza ere bada ilustrazio zientifikoa.

Ilustrazio zientifikoa definitzea baino errazagoa izango da, ziurrenik, ilustrazio zientifikoak izan beharreko ezaugarriak zerrendatzea:

  • Nori dago zuzenduta? Ilustrazio zientifikoak komunikatzea du helburu, eta ondorioz, publikoaren ezagutza- edo espezializazio-mailaren menpe dago.
  • Zer adierazi nahi da? Ilustrazio zientifikoaren aztergaia zientzia da, eta horrenbestez, zientziaren berezko ezaugarriak bete behar ditu, hala nola, ezagutza modu objektiboan eta zehatzean adieraztea.
  • Nola adieraziko da? Ilustrazio zientifikoaren helburua ez da produktua bera, mezua komunikatzea baizik. Ondorioz, ilustratzaile zientifikoak eskura dituen ezagutzak eta baliabideak erabiliz mezua modu zehatz baina erakargarrian adierazten jakin behar du, publikoarengana hel dadin.

Ilustratzaile zientifikoak dira ilustrazio zientifikoan adituak (edo arituak) diren pertsonak. Horien artean bi profil nagusitzen dira: zientziarekiko interesa izan arren, artearen mundutik jo dutenak, eta artearekiko interesa izan arren, zientzian murgildu direnak. Ibilbidea bat edo beste izan, ilustrazio zientifikoak bi arloak uztartzeko aukera eskaintzen du eta hainbat dira diziplina horretan espezializatu diren profesionalak. Gainera, prestatutako profesionalen beharraz jakitun, ahaleginak egin dira ilustrazio zientifikoan formakuntza eskaintzeko.

Hain zuzen ere, bide horretatik iritsi nintzen ni ilustrazio zientifikoa diziplina gisa ezagutzera. Betidanik izan ditut gogoko zientzia eta artea, baina bide bat aukeratzea tokatu zitzaidanean aurrenekoari ekin nion. Biologiako gradua ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta bertan nengoela jakin nuen unibertsitateak Ilustrazio Zientifikoko graduondoa eskaintzen zuela. Hala ekin nion zientzia eta artea uztartuz bide berriari.

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez
close-alt close collapse comment ellipsis expand gallery heart lock menu next pinned previous reply search share star