Ilustrazioa ala Argazkia?

Historian zehar, ilustrazioak izan dira denbora luzez errealitatea islatzeko bitarteko bakarra. Hala, historiaurreko labar-artera jo dezakegu ingurunearen lehen irudien bila. Historian zehar egindako ilustrazio horiei esker, iraganari buruzko informazio gehiago dugu eskura gaur egun.

Hala ere, teknologia aurrerapenei esker, errealitatea jaso eta gordetzeko baliabide berriak agertuz joan dira; hala nola, argazkiak. Argazkiei esker leku eta une jakin bateko errealitatea modu zehatz eta argian jaso dezakegu eta, ondorioz, batek baino gehiagok egingo zuen honako galdera: zergatik erabili ilustrazioa argazkia erabili badezaket? Ilustrazioak eskaini al dezake argazkiak eskaini ezin duen zerbait?

  • Denbora. Gaur egun, mugikor bat eskura duen edonork egin dezake argazki bat klik batekin. Hala ere, argazki bat egitea ez da halako erraza izan beti. Lehenengo argazkiak XIX. mendekoak dira eta, horrenbestez, ilustrazioak dira argazkiak agertu aurretiko gertaerak irudikatzeko bitarteko bakarra. Berdina gertatzen da etorkizuneko aurreikuspenak irudikatu nahi direnean ere.
  • Espazioa eta eskala. Azken urteetan, zulo beltz baten zein atomo baten argazkiak egin ahal izan dira. Baina argazki horiek eskura dugun teknologiaren menpe daude eta, oraingoz, oso urruneko edota eskala mikroskopikoa duten objektuak irudikatzeko adibidez, ilustrazio bat adierazgarriagoa eta ulergarriagoa izan daiteke argazki bat baino. Kontzeptu abstraktuak grafikoki adierazteko ere ilustrazioak dira bitarteko bakarra.
  • Sintesia. Argazkien bidez adierazi daitezkeen elementuei dagokienez, ilustrazioen abantaila nagusia sinplifikatzeko eta adierazgarriak ez diren inguruko elementuak baztertzeko gaitasuna dira, garrantzitsuak diren eta informazioa eskaintzen duten elementuak soilik irudikatuz. Ondorioz, ilustrazioen bidez adierazitako mezua errazago ulertzen eta barneratzen da, informazio-zarata murrizten baita.

Aipaturikoak argazkien eta ilustrazioen arteko desberdintasun batzuk baino ez dira, badira gehiago. Bururatzen al zaizu besterik? Zein kasutan erabiliko zenuke ilustrazio bat? Eta noiz argazki bat?  Desberdintasun horiek ezagutuz, helarazi nahi den mezua adierazteko bitarteko hoberena aukeratzen jakitea da gakoa. Eta, zergatik ez bi baliabideak uztartu egoerak ahalbidetzen duenean?

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez
close-alt close collapse comment ellipsis expand gallery heart lock menu next pinned previous reply search share star