Xaguxatar bidea

Gizakiak zizelkaturiko natura biziari jarraika

“Sarritan, bidaiatzeko nahiak itsututa, ahaztu egiten gara ingurune hurbilean dugunaz eta inoiz herri inguruan ibilaldi bat egitera irten bagara, ziurrenik ez genuen ingurunea behatzeko eta ikusitakoaz ikasteko tarterik hartuko. Izan ere, halako ibilaldiei ekitean, amaierara iristea izan ohi dugu helburu. Ingurunearekiko interes falta? Jakin-min eza? Batek daki. Erlojupeko proba batean bizi garela dirudi maiz.

Horrelako ibilaldiek aukera ezin hobea eskaintzen diote haur eta gazteei (baita helduei ere) inguruaz ikasteko. Baina zerbait ikasi nahi bada, inguruan dugun horretan arreta jartzea ezinbestekoa da. Azken finean, ingurunea liburu baten modukoa da, ez dago liburuaren edukia ezagutzerik orriak pasatzean bertan idatzitakoa irakurtzeko eta ulertzeko tarterik hartzen ez bada. Jarrera aktiboa eskatzen du.

Hori da, hain zuzen, zientzialarien funtsezko lanabes den metodo zientifikoaren oinarria: ingurunea behatu eta sortutako galderei erantzun arrazoituak ematea, inguruneak nola funtzionatzen duen ulertzeko asmoz. Zenbaitetan badirudi zientzia eta gizartea elkarrengandik oso urrun daudela. Badirudi zientzia ez dela edonorentzat, ulertzeko eta egiteko zaila denaren ospea du eta jende askok interesik ere ez du. Baina, bestalde, ezin da ukatu zientziak inguratuta bizi garela. Kultura Zientifikoa dei dakioke pertsona bati iritzi kritikoa garatzen laguntzen dioten oinarrizko ezagutza zientifikoen multzoari.”

Hausnarketa horretatik sortu zen Ilustrazio Zientifikoko graduondoa amaitzean Azpeitiko Udalaren Sormen Bekaren 2021eko deialdira aurkeztu nuen proiektua. Proiektu horren helburua zen ingurune naturalarekiko eta gizakiak ingurunean duen eraginarekiko jakin-mina piztea, horretarako Izarraitz mendigunea eta Azpeitiko hirigunea ardatz hartuz.

Ate bat ixtean berriak zabaltzen omen dira eta, kasu honetan, beka jaso ez arren, deialdira aurkeztu izanak proiektu berri bati ekiteko aukera eskaini zidan. Azpeitiko Udaleko Ingurumen Sailetik jarri ziren nirekin harremanetan eta hala izan nuen Xaguxatar Bidearen berri. Izarraitzen magalean kokatutako ibilbide horren helburua da bertako paisaian gizakiak izandako eragina ezagutaraztea. Azpeitiko Ekoetxean ikasleekin lanketa hori egiteko material didaktikoaren premia zuten, eta ondorioz, nire proiektua beraien beharretara egokitzeko proposamena egin zidaten udaletik.

Ibilbideko zenbait puntutan bazeuden ordurako zenbait panel, ibilbidearen inguruko informazioarekin. Panel horiek izan ziren, hain zuzen, nire lanaren abiapuntu eta gidoi:

  1. Ekoetxea/Xaguxatar parkea. Saguzarrak dira ibilbideko protagonista eta ibilbideko lehen geldialdian beraien bizimodua eta ohiturak ezagutzeko aukera izango duzu.
  2. Loiolako zuhaitzak. Baso motak ardatz hartuz, gizakiak paisaian izan duen eragina eta berdeguneen garrantzia aztertu dira bigarren atal honetan.
  3. Izarraitzeko atea. Landareen zikloa eta nekazaritza klimaren menpe daude, eta klima ulertzeko Lurraren eta Eguzkiaren arteko erlazioa ezagutzea ezinbestekoa da.
  4. Otzaka. Atal honetan iraganera bidaiatzeko aukera izango duzu, Izarraitzen jatorria eta Azpeitia inguruko lurretan gizakiaren historia ezagutuz.
  5. Izarraitzeko baserriak. Euskal gizartean baserriak garratzi handia izan du historikoki, ekoizpen- eta kontsumo-eredu berrien garapena ahalbidetu baitzuen.
  6. Urola ibaia. Izenak berak dioen bezala Urola ibaia da Urola bailararen ardatza eta gizakiak betidanik aprobetxatu izan ditu ibaiak eskaintzen dizkion baliabideak. Erabilera horrek ibaian eta bertako izakietan izandako ondorioak ezagutzeko aukera izango duzu atal honetan.
  7. Azoka plaza. Euskal gizartearen gaur egungo ekoizpen-eta kontsumo-ereduak ezagutuz horien inguruan hausnartu eta etorkizunera begira ditugun erronkak aztertzeko tartea ere izango duzu ibilbidea amaitu aurretik.

Xaguxatar Bideak aukera ezin hobea eskaintzen du Azpeitiko zein inguruko ondare naturala, kulturala eta historikoa bertatik bertara ezagutu eta aztertzeko. Gainera, gai eta arlo desberdin asko lantzen dira bertan, eta horrenbestez, edonorentzat izan daiteke interesgarria.

Proiektuaren garapenean, ilustrazio Zientifikoko graduondoan ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, liburu baten ekoizpen prozesua osorik bizitzeko aukera izan dut, baita herriko historia hurbilagotik ezagutzekoa ere. Xaguxatar Bidean lantzen diren gaien inguruko liburuxka ilustratua eta bi animazio izan dira lanaren emaitza eta Xaguxatar Bidearen webgunean daude guztion eskura.

Xaguxatar Bideari ekiteko prest?

Utzi iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez
close-alt close collapse comment ellipsis expand gallery heart lock menu next pinned previous reply search share star